Bi urte dira Hiruki Larroxa Kolektiboa sortu eta bidea urratzen hasi zela. Bidean, asko eta asko dira ezagutu, bultzatu eta sortu ditugun proiektuak; txikitik eta xumetik eragiten saiatu garen esparruak, dela ekintzailetzan, dela jendarte eraldaketarako proiektu propioak sortzen eta garatzen.

Hasiera batean, gu, maritxu moduan, eguneroko kaiola hertsatzaile eta zapaltzailea puskatzeko genuen beharretik batu ginen. Eta gure kolektiboaren hanketako bat kalean egoteak, kolektiboa bera eraldatu, mamitu eta gorpuztu egin du. Honi esker gara gu gaur garenak, kaleetan sortzen baitira ondoren iparrorratz bihurtzen diren diskurtso eta praktikak, ahizpatasunetik, elkarlotu eta sortzetik, saretzetik, barrikadetatik zein elkarrekin utopiak elkarbanatu eta eraikitzeko saiakeretatik.

Une ba heldu zen, zeinetan esparru berean guztia sartzen hasi ginen eta guztia zen guztiaren parte: lana, hausnarketa, militantzia, enplegua, eragintza… Eta guzti honek sortu zizkigun zalantza, hausnarketa, eztabaida eta ondorioetatik dator gaur kontatzera gatozena.

Hiruki Larroxa Kolektiboaren ekitea etetea erabaki dugu. Beste zerbait sortu eta gure ekitea kokatzeko beharretik egiten dugu, hain zuzen, bizitzako behar materialak sortzeko eta sorkuntza prozesu hau guk pentsatzeko eta bizitzeko dugun erarekin ahalik eta koherenteena izateko.

Autoenpleguaren formula, kooperatibagintzan aurkitu dugu. Ulertzen dugulako gure proiektu, orain, ekonomikoak jendartea eraldatzen jarraitzeko behar materialak eskaintzen, aukerak sortzen eta elkarrekin korapilatzen jarraitzeko espazioak eraikitzen dituela. Ekonomia eta jendartea aska ezin diren elementu gehiagoren parte direlako, eta gure ekiteak, era ordenatuxeago batean bada ere, horri guztiari erantzun nahi diolako. Politika, enplegutik ere egiten delako.

Agur t’erdi Hiruki Larroxa Kolektiboa; mila esker eta beste hainbeste muxu honaino heltzen lagun izan zaituztegun guztiei.

Izan zaitezte ongietorriak

Hiruki Larroxara.

Categories: Adierazpenak