Gizon bezala sozializatuak izan garen pertsonak, oro har gizontasuna gorpuzten dugu eta honekin lotuta doazen hainbat rol eta estereotipo erreproduzitzen ditugu. Tira, bagara maritxu batzuk honekin apurtzen dugunak edota genero-disidente bezala izendatu ditzakegunik ere, gizonezkoei esleitu ohi zaizkien ezaugarriei uko egin eta ezaugarri femeninotzat ulertzen dena besarkatzen dutenak. Eta eskerra horrelako pertsonak ere badauden! Gora zuek!

Nahiz eta marika izan, nik ez dut nire burua (itxuraz behintzat) gizon femeninontzat hartzen, inondik inora (nahiz eta tarteka begiak eta azazkalak margotu). Nahiz eta nire alderdi femeninoa badaukadan eta gero eta gehiago besarkatzen dudan. Honek bere momentuan ekarri al zizkidan buruhauste batzuk (“ez zara nahiko maritxua”, “gizon hetero soil bezala ikusten zaitu jendeak”…). Eta zer esango dizuet ba, ez naiz nahikoa ausarta batzuk egiten duten bezala, genero espresio femeninoa lau haizetara ateratzeko, luma deritzogun hori libreki hegan jartzeko. Ez nau baina, jada “ez zara nahiko maritxua” nire barneko ahots horrek barrenak nahasten, izan ere, ikasi dut naizena naizela eta nire alderdi maskulino zein femeninoen nahasketa horrek eraikitzen duela nire generoaren espresioa, horrela munduari ahalik eta errealen aurkezten saiatzen naiz. Eta ez daukat inongo arazorik nire alderdi femeninoa munduari erakusteko.

Denbora da baina gizon izatearen eta gizontasunaren aferei bueltak ematen nabilela, inguruko eta hurbileko emakume feministei esker (super eskerrik asko!!). Eta honek ekarri dit, esaterako, hausnartzera eta birpentsatzera asanbladetan, elkarrizketetan, bileretan edota kalean nola hartzen dudan espazioa. Izan ere, gizontasunaren ezaugarri nahiko zentrala da espazioaren eta denboraren monopolio menperatzailea. Eta izango gara maritxuak (oso maritxuak), oso femeninoak eta gure genero espresioarekin esperimentatu eta jolasten dugu, baina berdin-berdin jarraitu dezakegu ingurukoei espazioa, denbora eta presentzia lapurtzen.

Espazio mistoetan espazioaren eta denboraren erabileraren inguruan urteak eman nituen txikitasunetik parte-hartzen lehenengo zaplaztekoa jaso nuenetik. Beldurretik, inor ez zapaltzeko intentzioarekin. Nire parte-hartzeak kontatzen, itxaroten, ideiak ez errepikatzen, gainontzekoak arretaz entzuten… Azken finean ikasitakoa ahazten eta berrikasten.

Berreziketaren ostean berriz nire alderdi maskulino hori “solte” utzi eta nire praktika patriarkalak aldatu/desagertu ote ziren praktikan jarri nintzen orain hilabete batzuk. Esperientzia ona izan da, ikusi baitut espazio mistoetan parte-hartze parekide baterako hainbat ohitura jada barneratuak nituela eta pozik eta eroso aritu izan naiz. Orain aste batzuk baina, oharpen bat jaso nuen emakume kide baten aldetik (ez niri zuzenki, baina bai espazioko gizonei). Zapla! Zaplaztekoa nire gizontasun “erreformatuari”.

Zaplazteko horrek mugitu ninduen, asko. Izan ere, alerta bajatu nuela eta espazio eta denborak modu ez oso zainduan hartu ditudala konturatu naiz. Eta honek ekarri dit zer pentsatu.

Gizontasunean berrerortzera kondenatuta ote gaude gizon bezala sozializatu garen pertsonak? Posible ote da patriarkatua gugandik kentzea behin-betiko?

Ez daukat erantzunik aurreko galdera horiei, baina bai ziurtasun bat. Gizonak, patriarkatuaren pribilegioan hasi garen heinean, momentu oro alerta egon beharko gara gure praktika patriarkalak behin eta berriz errebisatu, zalantzan jarri, onartu eta ardura hartzeko. Beraz, gizon, izan maritxu ala ez, ez jaitsi guardia, onartu berreroriz gero eta hartu ardura.